XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erlijio gaiezkoek, berriz, larogeitik gora dira denbora epe berean.

Gure mende honi bagagozkio, berriz, gauzak aldatuz joan direla esan beharrean gaude, gerra ondoan batez ere eta azken bi hamarkadetan bereziki: hizkuntzari buruzkoak (euskaraz soilik burutuak landa) ia berrogei ta hamar inguru direlarik, erlijiozkoak 135 inguru dira, eta gainerako gaiez osotuak bostehunen bat titulu, gutxi gora behera.

Beraz, nabaria da gaiari dagokionez, azken urteotan gertatu den aldakuntza.

Itzulpenaren nolakotasunari dagokionean, denetarik aurki daiteke zerrenda honetako tituluen artean.

Leizarragaren itzulpen ia hitzez-hitzezkoa bezalako zenbait kasu salbu, lehen mendeetan egokipen edo moldapen gisakoak gailentzen direla esan dezakegu, eta sintaxia eta hiztegiari dagokionean jatorrizko hizkuntzaren eragina aski nabarmena dela itzulpen gehienetan.

Itzulpen hauek burutzerakoan, aski nabarmena da hizkuntzarekiko kezka baino irakurleari eduki erlijiosoak modu ulergarri eta erraz batez eskaintzearen ardura askozaz biziagoa izan dela.

XX mendearen haseran, berriz, purismoaren eraginez burututako itzulpenek eten nabaria suposatzen dute, oro har, aurreko usadioarekiko.

Halere, Zabala-Arana, Eleizalde, Jauregiren eta Orixeren joeraren artean desberdintasun handia agiri da batez ere hiztegiari dagokionean.

Azken urteotako itzulpen joeraren berezitasunak erabat laburtzea erraza ez bada ere, zera esan daiteke: alde batetik euskalkizko itzulpenak urrituz joan direla, eta gehienbat erlijiozko textuen inguruan ardaztu dela itzulpen moeta hau.

Halere, ohargarriak dira zenbait liturgi textuen euskara batuaz hurbiltzeko egin den ahalegina eta itzulpenaren kalitate nabarmena.

Gainera, zantzu adierazgarria da katolikoen eta ebanjelikoen artean burutzen ari diren Elizen arteko Biblia euskara batuzkoa izatea.

Testamentu Berria laster argitaratzekoa da eta kalitate handikotzat jo daiteke beraren itzulpena.

Bestalde ez-erlijiozko gaiak darabiltzaten itzulpenak euskara batuaz burutzeko joera nabarmenki indartu dela, irakaskuntz premien eraginez, eta itzulpen joera erredukzionista eta puristak alde batetara utzirik, gero eta itzulpen integratzaileagoa eta zehatzagoa egitearen joera nagusitzen ari dela: ikastoletako textugintza, UZEIren lanak eta zenbait argitaletxek eskainitako enziklopedia gisako lanak dira lekuko.

Halere, dinamismo handiegirik ez badu ere, bada batez ere Bizkaian, gerraurre eta gerraondo hurbileko erizpide purista eta aski subjektiboen bidetik, euskalkizko textugintza bat bultzatu nahi lukeen sektore bat.

(Ikus Anaya eta S.M. editorialen zenbait itzulpen).

Gaurreguneko eta etorkizun hurbileko itzulpen positiboki baldintzatuko duten fenomeno nagusiei bagagozkie, alde batetik irakaskuntza formalaren barnean eta inguruan burutzen ari den ekintza aipatu behar da: UZEIren hiztegigintza (neurri zabal batetan itzulpen lan bezala hartu behar dena) aski erabakitzailea dateke terminologia zientifikoa finkatzerakoan ezezik, oinarrizko euskararenean ere, eta itzultze joera jakin baten baldintzak ezartzean.

Bestalde, EKN-ko Batzorde Mistoak irakas textuen berrikusketa eta orrazketa erakunde beronen eskutan jarri duelarik, hiztegigintzan erabili dituen erizpideak etorkizunean berrindartu behar den textugintzara ere hedatuko direla uste izan behar da.